Martin Ugalderen ekarpena sarean jarriko dute, herritarren eskura

  • 412 hitz

Martin Ugalderen (Andoain, Gipuzkoa, 1921- Hondarribia, Gipuzkoa, 2004) jaiotzaren mendeurrena beteko da 2021ean, eta, horren harira, hainbat egitasmo egingo dituzte hura gogoratzeko. Horien artean nabarmenena izango da kazetari, idazle, politikari abertzale eta euskalgintzaren aldeko eragile izandakoaren obra digitalizatzea, webgune batean jasotzea, eta herritarren eskura jartzea.

1936ko gerraren ondorioz erbesteratu, eta, Venezuelan ospe handiko kazetari bihurtuta, 1969an itzuli zen, jaioterriarekiko konpromisoarengatik, eta amets bat bete nahi zuelako: euskarazko kazeta bat sortzea.

Gauza asko izan zen Martin Ugalde: kazetaria, idazlea, politikaria, euskaltzalea herrigintzan, eragilea euskalgintzan... Bere bizitzaren udazkenean, amets bat bete zuen, bere burua kazetari eta euskaltzale ikusi zuen unetik buruan bueltaka eduki zuena: euskarazko egunkari bat egitea. Euskaldunon Egunkaria sortzeko egitasmoaren gurdira igo zen, eta hura bideratzeko orduan berebizikoa izan zen Ugalderen ekarria. «Euskararen bizia jokoan ikusi bainuen. Egunkaririk ez duen hizkuntza ezin da aurrera irten». 1980ko hamarkadaren amaiera zen.

Mende erdi inguru lehenago, Donibane Lohizunen (Lapurdi), irakasle izan zituen Agustin Zumalabe matematikaria eta euskaltzalea, Joxemiel Barandiaran etnografoa eta Andoni Arozena kazetaria, besteak beste. Erbesteratuta zegoen ordurako, Ugalderen etxean jeltzaleak baitziren: aita EAJko zinegotzia Andoaingo Udalean. Hark 1939an lortu zuen Venezuelara ihes egitea. Martin Ugalde 1940an itzuli zen Andoainera, baina askorentzat nazionalista, separatista eta gorria zenez, inork ez zion lanik eman nahi; aitarena izandako aroztegian ere ez. Laborde torloju lantegian eman zioten lana azkenean, leihoak jartzen. Hain zuzen, lantoki hura zegoen tokian dago egun Martin Ugalde kultur parkea.

Baina Venezuelara begira zegoen Ugalde aspalditik, eta 1947ko udaberrian heldu zen hara. Venezuelan pasatutako 22 urteetan ospe handiko kazetari bihurtu zen. «Kazetaritza zen nire betiko sena». Elite aldizkarian lan egin zuen, El Nacional egunkarian kolaboratu, eta El Farol eta Nosotros aldizkariak zuzendu. Sasoi hartan, gainera, AEBetan kazetaritza master bat osatu zuen bi urtez, eta, Venezuelara bueltatuta, unibertsitate batean hasi zen irakasle.

Venezuelan pasatutako 22 urteetan ospe handiko kazetari bihurtu zen.

Erbesteratu zenetik ari zen itzuleran pentsatzen. «Euskadin lan egin behar nuela pentsatu nuen beti, eta horretarako prestatu nintzen». Ardura bat sentitzen zuen. Eta Anamari Martinez Urreiztieta emaztea euskaldundu zuen bezala, ororen gainetik beste hainbeste egin nahi zuen seme-alabekin.

Euskal Herrira itzuli zenean, Hondarribira, baldintza bakarra jarri zioten: politika kontuetan ez zedila sartu. Segituan hartu zuen, ordea, Alderdi EAJren aldizkari klandestinoaren ardura, eta, 1972an, Jesus Mari Leizaola erbesteko lehendakariaren kontseilari izateko deitu zuten. Franco hil arte jardun zuen kargu horretan, eta, urte batzuk geroago, 1982an, Eusko Jaurlaritzan euskara sustatzeko arduradun izendatu zuten, Carlos Garaikoetxeak hala eskatuta. 1985ean, EAJren haustura bazetorrela usainduta, utzi egin zuen postua. Gero, EAn sartu zen. Abertzaletasunak bultzatuta sartu zen politikan, ez berezko bokazioa zuelako. Kritiko eta independente fama zuen.

Euskaraz jarduteko erabakia

Ugalderi iruditzen zitzaion euskal herritarrek ez zutela beren errealitatearen berri. Kazetaritza ikuspegitik bideratutako lan dibulgatiboari ekin zion, eta horren emaitza dira Síntesis de la historia del País Vasco (1974), Hablando con los vascos (1974)... Sasoi hartan, Zeruko Argia aldizkarian idazten zuen, eta 1977an Deia egunkari sortu berriaren zuzendariorde izendatu zuten; nolanahi ere, handik gutxira utzi zuen kazeta hura, euskara aintzat hartzen ez zuelako.

'Iltzailleak' lana da aditu askoren ustez euskarazko ipuingintza modernoaren abiapuntua izandakoa.

60 bat urterekin-edo erabaki zuen euskaraz nahi zuela sortu. Iltzailleak lana (1961), aditu askoren ustez euskarazko ipuingintza modernoaren abiapuntua izandakoa, ama hizkuntzan idatzi zuen, baina ordura arte gazteleraz idatzi zuen nagusiki. Izan ipuinak, antzezlanak, eleberriak, saiakerak eta historia zein kazetaritza lanak, 47 liburu argitaratu zituen.

Behin 1990ean Euskaldunon Egunkaria sortuta eta 1999ra arte, astero zutabe bat idatzi zuen kazeta hartan. 1998ra bitartean, Administrazio Kontseiluko lehendakaria izan zen, eta ohorezko lehendakaria ordudanik, harik eta Juan del Olmo epaileak kazeta itxi eta zuzendaritzako kideak atxilotu zituen arte. Auzipetua izateko arriskuan eta kontu guztiak blokeatuta zituela hil zen. 

Jatorrizko artikuluak