Guk, euskaraz; Twitch-ek zergatik ez?

  • 349 hitz

Twitch sare sozialak euskara hizkuntza gisa onartzeko eskatu dute 4.000 lagunek baino gehiagok; orain, Twitchen esku dago aukera hori zabaltzea.

Zuzenekoak egiteko sare sozial bat da Twitch, eta, zuzeneko hori egin aurretik, zer hizkuntzatan ariko den hautatu behar du streamer edo twitzlariak. Gaur-gaurkoz, euskara ez dago aukeren artean.

Bideo jokoengatik egin da ezaguna plataforma,  baina denetariko jarduerak ikus daitezke bertan.

Euskaraz geroz eta gehiago ari dira twitzlariak.

2020aren amaieran, 3.000 Twitz kanpaina egin zuten zenbait lagunek: haren bidez, euskara zuzenekoetarako hizkuntza ofizial gisa onartzeko eskatu zioten Twitch sare sozialari. Dagoeneko 4.222 boto ditu, eta, orain, Twitchen esku dago aukera hori zabaltzea.

Kanpainak bi aste iraun zuen, eta, tarte horretan, zuzeneko anitz egin zituzten euskaraz. Iruñe Astiz Arkkuso eta Ainhoa Azkue Nebukai dira kanpaina horren atzean egon direnetako bi. 

Twitchek euskara bere hizkuntzen artean onartzea zen helburu nagusia, baina beste fruiturik ere ekarri du lanak: «Komunitateak aurrera jarraitzen du, eta edukiak sortzen gabiltza», azaldu du Nebukaik.

Euskal komunitateaz hitz egin arren, komunitate hori ez da homogeneoacloseIzaera edo propietate berdinak dituzten gaiak daudenean.: «Badaukagu gitarra jotzen duen jendea, bideo jokoetan aritzen dena, hitz egiten duena, podcastak egiten dituena...». Sare sozialaren oinarria bideo jokoak dira, baina argi geratu da edozerk duela tokia Twitchen.

«Sentitzen dut jendeak besarkatu egiten nauela aurrera jarraitzeko. Ni oso gustura nago».

Naizuart

«Zuzenean jotzeko eskarmentua hartzen lagundu dit».

Pubguitar

Badira kulturaren bidea jorratzen duten erabiltzaileak. Naizu Mauleon Naizuart eta Tibalt Alberdi Pubguitar dira horren adibide. Naizuart Herrialde Katalanetan bizi da, eta handik aritzen da zuzenean pintatzen. Twitchen, txataren bidez, jendeak zuzenean hitz egiten du harekin, lan bat egiten ari den bitartean. «Sentitzen dut jendeak besarkatu egiten nauela aurrera jarraitzeko. Ni oso gustura nago».

Pubguitar, berriz, gitarra eskuan aritzen da  Twitchen: inprobisatzen batzuetan, jendeak eskatutako kantak jotzen beste batzuetan, baina beti txatari adi. Lotsa alde batera uzteko modu bat ere bada: «Zuzenean jotzeko eskarmentua hartzen lagundu dit».

«Komunitatea sortu, mantendu eta egonkortzeko, gakoa da jendea zure zuzenekoaren parte sentiaraztea»

Arkkuso

Twitzlariek etengabe aipatzen dute hitz bat sare sozialari buruz aritzen direnean: komunitatea. Izan ere, komunitateak gidatzen du emaitza. Pubguitarrek azaldu du: «Zuzenekoa egiten hasten naiz, baina ez dakit nola bukatuko dudan».

Arkkusok uste du zaindu beharra dagoela komunitate hori, eta aholkua ere eman du: «Komunitatea sortu, mantendu eta egonkortzeko, gakoa da jendea zure zuzenekoaren parte sentiaraztea». Eta, batzuentzat, horri loturik daude irabaziak ere.

Hain zuzen, diru truke aritzen diren twitzlariak afiliatuak edo bazkideak izan daitezke. Bazkidea afiliatua baino koska bat gorago dago: «Nolabaiteko profesionaltasuna ematen zaio sormenezko eduki  horri». Hala ere, edozein kanal ikus daiteke dohainik; harpidetzak hautazkoak dira.

Jatorrizko artikuluak