Koronabirusagatik munduan jende gehien hiltzen ari den herrialdeetan hamabigarrena da Euskal Herria

Gaitza oraintxe hasi da zabaltzen herrialde askotan, eta datuek erakusten dute koronabirusak Euskal Herrian duela oraintxe foku nagusietako bat. Biztanleriaren eta hildakoen arteko proportzioari begiratuz gero, laugarrena da. Araban sortu ziren fokuak, eta Nafarroa eta Bizkaiko eremu batzuek dituzte tasarik handienetakoak orain.

Populazio txikietan eragin bortitzagoa izan dezake koronabirusak. Hori erakusten dute datu gordinek. Adibidez, 2020ko martxoaren 31ko datuekin, San MarinocloseHegoaldeko Europako estatu itsasgabea da, Italiar penintsularen erdialdean dagoena.
da 100.000 biztanleko heriotza gehien duen herrialdea: 34.000 biztanle eskasekin, 25 heriotza izan ditu. Alegia, 100.000 biztanletik ia 74 hil ditu gaitzak.

Ranking horretan, laugarrena da Euskal Herria: 100.000 herritarreko ia hamahiru hil dira koronabirusagatik. Italia (19) eta Katalunia (18,6) bakarrik ditu aurretik. Indize horretan, atzetik daude Espainia (11,7), Herbehereak (5), Frantzia (4,6), Belgika (4,4), Iran (3,3), Galizia (2,4) eta Erresuma Batua (2); herrialde horiek dituzte heriotzaren intzidentzia tasarik handienak. 

Baina proportzioetara jo gabe ere, zenbaki absolutuak begiratuta soilik, oso goian dago Euskal Herria: COVID-19ak heriotza gehien eragin duen herrialdeen artean hamabigarrena da. Italian 11.591 ziren hilak 2020ko martxoaren 30ean; Espainian, 5.465 —Hego Euskal He- rriko, Kataluniako eta Galiziako datuak bereiz kalkulatuta—; Ameriketako Estatu Batuetan, 3.042; Frantzian, 3.021... Iran, Katalunia, Erresuma Batua, Herbehereak, Alemania eta Belgika doaz ondoren, eta, Euskal Herrian, 402 ziren hilak data horretarako. 

Baina Euskal Herrian ere oso egoera ezberdinak daude eskualde batzuetatik besteetara. Gasteiz eta haren inguru batzuk, Arabako Errioxa eta mendialdea, Tafalla eta Artaxoa inguruak, Agoitz inguruak, Zangozaldea, Iruñerria, Basauri, Zalla aldea... Horiek dira COVID-19aren foku nagusiak Euskal Herrian.

Aldeak eskualdeen artean 

Nafarroan, Artaxoako osasun eskualdean du koronabirusak Euskal Herriko intzidentzia tasarik handienetakoa —mila biztanletik 10,7 gaixotu dira—, eta Agoizko eskualdea (milatik 9,6 gaixo) eta Tafallakoa ditu atzetik (milatik 8,2 gaixo). Biztanleriarekin proportzioan, eskualde horietan zabaldu da gehien gaitza. Zarrakaztelu aldean (6,5), Cintruenigo inguruan (5,9), Barañainen (4,5), Zangozaldean (4,5), Villatuerta inguruetan (4,5) eta Zizur-Etxabakoitzen ere (4,4) intzidentzia tasa handiak dituzte, Euskal Herriko handienetakoak. Iruñean, mila biztanletik 2,4 kutsatu dira. Datu ofizialen arabera, Erronkarin eta Bortzirietan ez da eririk agertu; Nafarroako Gobernuak ez daki zergatik: Osakidetzara bideratu dituztelako, edo benetan kasurik ez delako. 

Arabako fokuak ezagunak dira, han hasi baitzen gaitza zabaltzen, Bastidan aurrena, eta Gasteizko Txagorritxuko osasun zentroaren bueltan gero. Proportzioan eta zenbaki absolutuetan, Gasteizen du gaitzak eraginik handiena: 1.770 gaixo zeuden 2020ko martxoaren 31n han (milatik 7,3). Arabako Mendialdean ere pareko intzidentzia tasa dute (6,4), baina hamazazpi soilik dira gaixoak. Apalagoak dira Arabako Errioxako (4,5) eta Legutio iparraldeko (4) osasun eremuen tasak. 

Bizkaiari dagokionez, Bilbon ari da pilatzen gaixo gehien (931), baina Erandiok du gaixotuen tasarik handiena, Euskal Herriko handienetakoa ere badena: milatik 5,5 eritu ditu koronabirusak han. Zalla inguruetan (milatik 5,1 gaixo) eta Basaurin (milatik 4,1 gaixo) daude herrialdeko beste bi foku nagusiak. Trapagaran (3,4), Txorierri (3,3), Galdakao-Larrabetzu (2,9) eta Sestao ere (2,7) herrialdeko daturik larrienak dituzten osasun eremuen artean daude. Bilbon, milatik 2,6 pertsona eritu dira. Barakaldon eta Getxon, kopuruak handiak izan arren, tasak txikiagoak dira: 2,4 eta 2,2, hurrenez hurren. 

Gipuzkoan, foku nabarmen bat sortu da Tolosako osasun eremuaren —Iurreamendi zahar etxean daude gaixoen erdiak inguru— eta Villabonakoaren inguruan. Herrialdeko datuetatik oso urrun daude bi eskualde horietako kopuruak: mila pertsonatik 4,2 kutsatu dira Tolosaldean, eta milatik 2,7 Villabonan. Herrialdeko batezbestekoak oso azpitik daude datu horietatik. Donostian, adibidez, milatik 1,5 pertsona kutsatu dira (267 gaixo). 

Jatorrizko artikuluak